Greeni.us, landare eta baratzei buruzko sarea

Kasualitatez ezagutu nuen Greeni.us baratzezaintzari buruzko proiektua. Duela hilabete batzuk, @usasigain erabiltzaileak aipatu zuen Twitteren:

Momentu ezin egokiagoan aipatu ere, balkoiko baratzezaintzan hasi berriak baiginen Goio eta biok. Hori dela eta, izena ematea erabaki nuen, zer zen ikusteko.

Zer da Greeni.us?

Webgunean horrela deskribatzen dute:

Baratze, baserri zein balkoietan, euren elikagaiak haztea maite duten pertsonak batzen dituen online plataforma da Greeni.us. Euren lursaila diseinatu eta bertan hazten ari diren produktuak aurkeztu ditzakete era errazean. Ondoren, poz eta zalantzak partekatu ditzakete, tokian-tokiko elikagaiak lantzen dituen komunitate global batean.

Hain zuzen ere, izena eman ostean, lehen pausoa lursailaren neurriak eta bertan ditugun landareak jartzea da. Guk berez ez dugu lursailik eta, beraz, neurriak asmatu egin nituen.

Hau egin ostean, bakoitzaren profilean lursaila ikusteaz gain, eguraldi iragarpena eta egindako eguneraketak ikus daitezke, Twitterreko txioak bailiran. Funtsean, baretzezaintzari buruzko Twitter baten antza hartzen diot.

Greenius profila

Hashtag edo traolak ere erabiltzen dira: eguneraketan aipatzen diren landareen izenak (tomatea, piparra…), eguneraketaren helburuari dagozkionak (galdera, aholkua…), edo ekintzari dagozkionak (erein, jaso, jan…).

Greenius

Erabiltzen hasi nintzenean, galdera pare bat egin nituen, eta berehala jaso nuen beste erabiltzaile batzuen erantzuna. Eskertzekoa.

Gertuko baratzen mapa

Gertuen ditugun baratzak edo erabiltzaileak aurkitzeko mapa bat dago.

Greenius mapa

Hasiera batean, Gipuzkoako jende dexente ikusita harrituta geratu nintzen, AEBetako proiektu bat zela uste nuelako. Gerora jakin nuen Mondragon Unibertsitateko ikasle ikasleohi talde batek garatu duela.

Landare gidak bidean

Landare bakoitza nola erein eta hazi azaltzen duten gidak ere bilduko ditu webguneak.

Momentuz, erremolatxarena bakarrik dago, baina itxura txukuna du: egutegia, ur eta eguzki beharrak, jan daitezkeen atalak, zailtasun maila, nola erein, nola landatu… Nahiko argia iruditu zait, gu bezalako hasiberrientzako aproposa.

Ea laster argitaratzen dituzten beste landareenak 😉

 

 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *