Hiruzta txakolindegia, Hondarribi zuri mahatsaren sorlekuan

Hiruztako mahastiakHiruzta txakolindegia Hondarribian dago. 2007 urtean lanean hasita, 2012an inauguratu zuten Rekaldetarrek (aitak eta bi semek, hiruren uzta baita Hiruzta). Bisita gidatuak eskaintzen dituzte eta joan den asteburuan bertan izan ginen Goio eta biok.

Aspaldi genuen txakolindegi bat bisitatzeko gogoa eta gustura ibili ginen. Oso era jator eta naturalean (bisitatu izan ditugun beste zenbait upategitan ez bezala) azaldu zizkiguten Hiruztaren historia eta txakolina egiteko prozesua. Ondoren, txakolina eta beste zenbait gutixi dastatu genituen.

Txakolina Hondarribian

Hiruzta sortu arte, beste herri batzuekin lotzen genuen Getariako txakolina jatorri izendapena. Baina garai batean Hondarribian bazegoen txakolina egiteko ohitura (berez, Getariako txakolina egiteko erabiltzen den mahatsaren %95 Hondarribi zuri motakoa da).

Tradizio horren lekuko dira Hiruztako tabernan ikusgai dituzten agiri historikoak.

Agiri historikoak

Zergatik urrundu zen txakolina Hondarribiatik? Guduen  erruz. Kokapen geografikoa zela eta hainbat setio jasan zituen hiriak; hala, mahastiak behin eta berriz suntsitzen zituztenez, pixkanaka, txakolina egiteari utzi zioten hondarribiarrek. 1638ko setioaren ondoren, behin betiko desagertu zen.

Gaur arte. Hain zuzen ere, Hondarribiako txakolingintza berreskuratzeko sortu zuten Rekaldetarrek Hiruzta.

Bi txakolin zuri egiten dituzte: Hiruzta eta Hiruzta berezia (bietan, noski, Hondarribia zuri mahatsa da nagusi). Eta urteren batean gorria ere egin izan dute.

Txakolin kopak eta zizkamizka bikainak

Zenbait tokitan txakolina sagardoa bailitzan zerbitzatzen duten arren, kopan hartu behar dela azpimarratu zuten; eta hautsi gabe, beste ardoen antzera. “Akaso botila altuxeago jar daiteke, baina beti ardoa dela kontuan hartuta, ez sagardoa”.

Bisita amaitzeko sagardoa dastatu genuen; kopan, noski. Laguntzeko, gildak, hegaluzea eta antxoak. Izugarri atsegin ditut bai gildak eta bai arrain kontserbak (hegaluzea bereziki); beraz ezin gusturago jan nituen. ¡Bikainak zeuden!

Hegaluzea eta antxoak

Txakolina eta gilda

 

Bisita gidatua egin gabe ere, besterik gabe zerbait hartzera gerturatzen zen jendea ere ikusi genuen. Eta hori ere ez da batere plan txarra; ingurua zoragarria da eta guk dastatu genuena behintzat, oso ona zegoen.

Jatetxea ere badute baina hori oraindik ez dugu probatu 😉

Hiruzta kluba

Lapitz kalea Hiruztako mahastietanIritsi ginenean, mahastietako kale batzuetan zenbait sukaldari, taberna eta idazleren izenak ikusi genituen.

Bisita amaituta, txakolin botila batzuk erosi genituen eta saltzaileari izen horiei buruz galdetu genion. Hiruzta klubeko kideak direla azaldu ziguten, hasieratik Hiruztako txakolinaren alde apustu egin zuten pertsonak.

Haien konfiantza eskertzeko sortu zen Hiruzta kluba. Bakoitzak kale bat dauka mahastian eta nahi izanez gero bertako mahatsa jasotzeko eskubidea dute. Gainera, uzta bakoitza dastatzen duten lehenak dira.

4 thoughts on “Hiruzta txakolindegia, Hondarribi zuri mahatsaren sorlekuan

  1. Ze polita Orre! Bisitara bertara eraman nauzu. Nik ere aspalditik dut txakolindegi bat ezagutzeko gogoa. Noizpait bisita egin behar dut, edo dugu, data egokia topatzerik badugu 😉 jajajaa…

    • Orreaga says:

      Mila esker! Ba jakin ezazu hau Endanearen ondoan dagoela 😉
      Endanean gosaldu, goiza eskulanetan pasa, erosketa batzuk egin eta 13:00ean bisita:)

  2. Oain urtebete inguru izan ginen han, eta leku zoragarria da gero. Bertako txakolina ere ongi ezagutzen dugu. Barietare berezi horri izena ematen dion tokiko txakoli bakarra!

Leave a Reply to Haritz Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.