Photokafe, afari thailandiarrak Tolosan

Curryak, noodleak, tortilla betea, barazki bilkariak… Thailandiako sukaldaritzako plater hauek dastatu daitezke, besteak-beste, Tolosako Photokafe tabernan ostegun, ostiral eta larunbata gauetan.

Duela bizpahiru urte, Tolosako taberna batean  plater thailandiarrak prestatzen zituztela entzun nuenean berehala piztu zitzaidan probatzeko gogoa (nola ez! 😉 ).

Photokafe thai karta

Photokafeko thai platerak

Beraz, informazio pixka bat bilatu eta non zegoen jakin ostean, erreserba egin eta afaltzera joan ginen. Orduko hartan curry berdea eta gorria frogatu genituen. Ez zen etxean egiten ez dugun ezer, baina gustura geratu ginen. Egia esan, sukaldaria bera thailandiarra izanik, antzeko currya prestatzen dugula ikusteak poztu ninduen. Gainera Noticias de Gipuzkoan egin zioten elkarrizketa batean, sukalderako osagaiak Angeluko France Asian erosten zituela esan zuen sukaldariak.

Duela hilabete batzuk, berriz bueltatu ginen, platerak gogoratu eta argazkiren bat atera ahal izateko (Photokafeko afari thailandiarrei buruz idatzi nahi nuen, baina ez nuen argazkirik… Gainera edozein aitzakia da ona afaritxo bat egiteko 😉 ).

Aurrekoan bezala, biribilkiak eskatu genituen hasteko. Eta ondoren, bakoitzak plater bana: nik, haragia barazkiekin eta thai saltsarekin eta Goiok noodle edo fideoak.

Barazki eta ganba bilkariak

Barazki eta ganba bilkariak

Haragia thai saltsa, barazki eta arrozarekin

Haragia. barazkiak, arroza eta thai saltsa

Noodle edo fideoak

Noodle edo fideoak barazkiekin

Nire platera berea baino gehiago gustatu zitzaidan. Saltsa oso ona zegoen eta arroza ere oso gustura jaten dut (dugu) haragi, arrain eta barazkien lagungarri gisa (berriki, arroza egosteko eltze elektriko bat erosi dugu, egin kontu…).

Postretarako izozkiz lagundutako ogi-torrada eskatu zuen Goiok. Oso ona, baina Thailandiako postreren bat probatu ahal izatea bota genuen faltan. Ohiz kanpoko postre gisa, fruitu exotikoz lagundutako jogurt zopa bat dago kartan, baina joan ginenean ez zegoen.

Ogi torrada eta izozkia

Ogi torrada eta izozkia

Zergatik “photo”?

Lehen aldiz informazio bila hasi nintzenean jakin nuenez, argazkilari batek ireki zuen Photokafe taberna. Itxuraz, gaur egungo lan mota kontuan hartuta (ezkontza eta abarretako argazkiak atera eta ondorengo edizio lana) ez zion zentzu askorik ikusten kalean denda bat mantentzeari. Hala, taberna bat jarri eta argazkilaritza enkarguak bertan hartzea pentsatu zuen.

Photokafe: zenbait mahai

Photokafe: zenbait mahai

Photokafeko sarrera

Photokafe, Euskal Herria plazan

 

 

 

Tolosako Euskal Herria plazan dago Photokafe. Asteburuetako afari thailandiarrez gain, kafetegi gisa, infusioak, irabiaki naturalak eta abar ematen dituzte. Horretaz gain, duela zenbait hilabete, ondoko beste lokal bat hartu zuten. Bertan ardoak, pintxoak eta bestelako afariak ematen dituzte (plater konbinatuak…).

5 thoughts on “Photokafe, afari thailandiarrak Tolosan

    • Orreaga says:

      Nahi dezutenean! 😉
      Egia da lan dexente egiten ari direla Tolosan. Mekatarien elkartea, adibidez, dexente mugitzen da. Duela urte batzuk, lokal huts dexente zeuden eta negozio berrientzako lehiaketa moduko bat egin zuten. Hortik atera ziren garia eta abar.

Leave a Reply to haritz Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.