Ardoaraba, plan borobila Gasteizen

Ardoaraba 2014 Gasteizen

Abenduaren hasieran Ardoaraba jaialdi enogastronomikoa ezagutu eta gozatzeko aukera izan nuen, Gasteiz ON elkarteak Blog on Brandsen bidez antolatutako kanpaina bati esker (zenbait blogari gonbidatu gintuzten jaialdi hau ezagutu eta nork bere esperientzia pertsonala kontatzeko).

Aitortu behar dut orain arte ez nuela Ardoaraba ezagutzen; baina aurtengo esperientziaren ostean, berriz ere bueltatuko nintzateke, asteburua pasatzeko plan polita baita;  gastronomia-zaleontzat bereziki.

Esan bezala, Ardoaraba Gasteizko jaialdi enogastronomiko bat da. Hiriko gune ezberdinetan karpak jartzen dituzte eta bertan upategi, ekoizle eta pintxogileen standak. Tabernetan ere, pintxo eta menú bereziak prestatzen dituzte.

Pintxoak Ardoaraban

Edari eta pintxoak dastatzeko, tiket sistema erabiltzen da: 12 eurotan 28 puntuko taloitegia eskuratzen da (urteko ardo beltz batek 2 puntu balio ditu, ardo ondu batek 4 puntu, pintxo batek 4 puntu…).

Gasteizko pintxoak

Hiru egunetan pintxo dexente dastatu genituen. Landuenak Sagartokin (txerri belarria plantxan, ezti eta ziape saltsarekin) eta La Huertan (bakailua, piperrak eta izokin arrabak, besteak beste).

Sagartokiko Ardoaraba pintxoa

Sagartokiko Ardoaraba pintxoa

La Huertako Ardoaraba pintxoa

La Huertako Ardoaraba pintxoa

Egia esan, ez naiz txerri belarri zalea, baina Sagartokiko Ardoaraba pintxoak onerako harritu ninduen.

Sagartokin egonda, ezin izan genion bertako beste pintxo ezagun bat dastatzeari muzin egin: “arrautza frijitua” du izena baina ez da arrautza frijitu hutsa 😉

Sagartokiko arraultza frijitua

Sagartokiko arrautza frijitua

Sagartokiko arraultza frijitua barrutik

Sagartokiko arrautza frijitua barrutik

 

Hala ere, gauza onak jateko ez dago horrelako “goi sukaldaritza”ra jo beharrik. Kalitatezko produktuekin egindako pintxo “normalagoak” ere gustura asko jan genituen. Toloñoko tomate lehor eta gazta pintxoa, esaterako, bikaina zegoen.

Toloñoko Ardoraba pintxoa

Toloñoko Ardoraba pintxoa

Salbuespenak ere badaude, noski, eta pintxoen kontua batere zaintzen ez zuen tabernaren bat edo beste ere tokatu zitzaigun. Prado kaleko Parlamenton, esaterako, aspaldi-aspalditik eginda zeuden txistorra mutur lehor batzuk zituzten barra gainean. Baina tira, ez du merezi horrelakoez gehiegi hitz egitea. Pena da, egia esan, Ardoaraba bezalako ekimenak erakusleiho bikaina direlako negozioentzat.

Dastatu eta ikasi

Ardoaraba ez da karpa eta tabernetan poteoan eta pintxotan ibiltzea soilik. Izan ere, helburuetako bat Arabako kalitatezko produktuak ezagutarazi eta sustatzea da. Ildo horretan, aurten (Gasteiz gastronomia hiriburu izan den honetan) ardo-dastaketak, upategi-aurkezpenak eta showcooking saioak ere izan dira.

Aurkezpenei dagokionez, Arabako bi sagardo (Aramaio eta Trebiñukoa) eta Amurrioko “Uno” txakolina ezagutzeko aukera izan genuen, apaiz batek, ostalari batek eta abeltzain batek bat eginda sortutakoa.

Amurrioko txakolina

Showcooking saioa zinez interesgarria izan zen. Lehen zatian, hainbat ekoizle ezagutu eta euren produktuak dastatu genituen, unean bertan prestatutako pintxoetan: Arabako oiloarekin egindako salda, Gorbeiako patatak Arabar Errioxako olioarekin eta Añanako gatzarekin, pottoka carpaccioa artzain gazta zatitxoekin… Eta Laudioko Beldui txakolina, champenoise eran egindakoa. Oso berezia.

Hala ere, dastatutakoaz gain, oso aberasgarria suertatu zitzaigun ekoizleen azalpenak entzutea, eta Slow Food filosofiaz gehiago jakin ahal izatea.

Bigarren zatian bi Idiazabal gazta (ketua eta ketu gabea) eta eta bi ardo (urtekoa eta ondua) dastatu genituen, José Ramón Aguiriano maisuaren azalpenak lagun. Gozamen hutsa izan zen komunikatzaile bikain honen hitzak entzutea.
José Ramón Aguiriano

Gastronomia baino gehiago

Ez pentsa hala ere, uneoro jaten eta edaten ibili ginenik. Gasteizen asteburu bat pasatzeak gehiagorako aukera ere ematen du. Almendrako azoka, Artium, Erdi Aroko Gasteiz eta Katedrala ere bisitatu genituen, besteak beste.

Gasteizko Almendra azokaErdi Aroko Gasteiz eta gaur egungoa

Markotik kanpo artelana gasteizko Artiumen

“Markotik kanpo” artelana Gasteizko Artiumen

Gasteiz oso hiri erakargarria iruditu zait beti. Ibiltzeko erosoa, atsegina eta bistan da ostalari eta merkatariak dexente mugitzen direla.

Katedraleko berritze lanak (eta horien harira historia) erakusteko era ere eredugarria da. Goio eta biok lehendik ere egonda geunden katedraleko bisita honetan koadrilako lagunekin, baina bi aldiz ikusita ere interesgarria da oso.

Ardoarekin topa egitenTop(a!) 5

Oro har oso esperientzia ona izan da Ardoaraba ezagutzea (eguraldiak gehiegi lagundu ez arren).

Gauza asko daude kontatzeko. Baina hauek dira azpimarratuko nituzkeen bost “aurkikuntza” edo bizipen nagusiak:

  • Beldui, xanpaina erako txakolina. Showcooking saioan ezagutu genuen txakolin hau oso berezia iruditu zitzaigun eta etxerako erostea erabaki genuen. Gainera oso jende jatorra da; Haritzek eta Goiok denbora dexente eman zuten haiekin hitz egiten 😉 Oso litekeena da egunen batean upategia bisitatzea.
  • Tarongino, laranja ardoa. Antolatzaileek aurtengo Ardoarabako “bitxikeria” gisa aurkeztu zuten Valentzian ekoitzitako edari berezi hau. Nola ez, probatzera animatu ginen; eta onerako harritu gintuen: ardogoxo moduko bat aurkituko genuela uste genuen, baina probatuta, gustura hartu genuen. Laranja ardoa Ardoaraban
  • Sagartokiko arrautza frijitua. Berez, hau ez zen Ardoaraba pintxoa, baina horren ezaguna izanik, probatzeko aitzakia izan zen. Deshidratatutako patata purearekin egindako pasta moduko bat, hirugiharra, eta erdian arrautza gorringoa. Dena mokadu bakarrean ahora sartzeko moduan. Deskribatzea baino, probatzea hobe.
  • Sukalki. Azkeneko egunean, berandu iritsi ginen Sukalkira, eta ezin izan genuen bertako Ardoaraba pintxoa probatu. Hala ere mokadutxoren bat jan genuen etxerako bidea hartu aurretik eta egunen batean bazkaltzera bueltatzeko gogoz geratu ginen. Goxua eta gazta tarta Sukalkin
  • Slow Food eta showcooking saioa. Luis Ángel Plágaro eta ekoizleen azalpenak entzun eta jaten dugunaren garrantziaz ohartzeko oso saio interesgarria izan zen. Gazta (Irune Audikana) olioa (Juan Luis Bujanda), txakolina (Belduiko Gallastegi anaiak)… Lehenago  esan bezala, dastatu eta ikasi. Edo ikasi eta dastatu. Produktu hauei buruz gehiago jakinda, gehiago gozatzen baitira.

Esperientzia honetan, noski, ezin konpainia ahaztu. Lagunak, desbirtualizazioak, jende berria ezagutzea… Plazarra izan da! Haritz eta RebecaGoio, Patrizia eta familia, Mario eta Maria TeresaMaría eta RubenJorge eta Verónica, eta nola ez, Patricia eta Gasteiz Oneko lankideak. Besarkada bat danontzat!

6 thoughts on “Ardoaraba, plan borobila Gasteizen

  1. Lehengo urtean joateko gogoak piztu zitzaizkidan eta zure esperientzia ikusi ondoren, ez dut datorren urtean hau ez ezagutzeko aitzakiarik.
    Muxu potoloa!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *